TESIS DOCTORAL Análisis y optimización del comportamiento mecánico de implantes dentales mediante simulación numérica Ugutz Garitaonaindia Antsoategi Donostia – San Sebastián, octubre 2015 (cc) 2015 Ugutz Garitaonaindia Antsoategi (CC BY-ND 4.0) Amai eta aitxei, emundako danagatik Anaiei, elkarrekin bizitako momentuengatik Oihanai, bidelagun ezin hobie izetiegatik Haritz eta Katixai, dimentsio berri bat erakustiegatik ESKER ONAK Lehenik eta behin nire esker ona adierazi nahi diot tesi honen zuzendaria izan den José Luis Alcaraz Tafallari. Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ingeniaritza Mekanikoa Sailean, Biomekanikaren arlo interesgarrian tesi hau egiteko aukera emateagatik. Bere laguntza eta iradokizun preziatuengatik. Mila esker Gasteizko Ingeniaritza Unibertsitate Eskolako (UPV/EHU) Ingeniaritza Mekanikoa Saileko lankideei, lan hau egiten hasteko bultzada emateagatik eta elkarrekin bizi izan ditugun esperientziengatik. Nire esker ona adierazi nahi diot baita ere Leioako Campusean dagoen Medikuntza eta Odontologia Fakultateko (UPV/EHU) Estomatologia Saileko irakaslea den Juan Antonio San Martín Martínezeri, bere aholku eta laguntzagatik. Egunerokoan laguntzeko gertu ditudan Donostiako Unibertsitate Eskola Politeknikoko (UPV/EHU) Ingeniaritza Mekanikoa Saileko lankideei, eta bereziki Faustino Mujika irakasleari, artikuluak argitaratzeko prozesuan emandako laguntzagatik, eskerrik asko. Createch Medical S.L. enpresako Nahia Golzarri eta Antxoka Urzainkiri baita ere eskerrak eman nahi dizkiet, bertan egiten duten lanaren inguruko azalpenak emateagatik, nigan izan duten konfidantzagatik eta tesi honetarako baliagarriak izan zaizkidan inplanteen gaineko egituren geometriak uzteagatik. Eskerrik asko baita ere Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko (UPV/EHU) Joseba Albizuri irakasleari. Donostia Unibertsitate Ospitalean, Aho eta Aurpegi- Masailetako Kirurgiako espezialista den Pedro Martínez Seijas medikuarekin harremanetan jartzeagatik, eta azken honi, lan honetarako egin dituen ekarpenengatik. LABURPENA Ikerketa lan honen helburua; hortz inplanteen, hortz inplanteen gaineko egituren eta ortodontziako euskarri gisa zein aho eta aurpegi-masailetako kirurgian erabiltzen diren mikroinplanteen portaera biomekanikoaren ezagutzan sakontzea da. Honetarako, elementu finituen modeloen bidez, aztertutako parametro desberdinen eragina ikertu da simulazio numerikoak erabiliz. Hortz inplanteei dagokienez, tentsioak eta deformazioak sortzerako orduan, beraien diseinuan kontuan izan behar diren parametroak duten eragina aztertu da: diametroa, luzera, inplantearen kanpoaldeko hari-mota (triangeluarra edo karratua), mikroharia inplantearen eremu zerbikalean, inplantearen kanpoaldeko harian erdiko tartea laua izatea, hezurraren modelizazioa inplantearen inguruan, eta abar. Honetarako, bi eta hiru dimentsiotako elementu finituen modeloak erabili dira. Inplantearen lotze eta funtzionamendu egoerak aztertu dira eta diseinuko parametroen eragina deskribatu egin da. Hortz inplanteen gaineko egituren kasuan, lan honetan hauen portaera mekanikoa ebaluatzeko metodo berri bat proposatu da. Egitura hauek jasan behar dituzten indarrak kontuan izanda, egiturek hortz inplanteentzat dituzten zuloetan hauek transmititzen duten zurruntasuna simulatzea lortu da. Modu honetan, egituren portaera egoera errealago batean aztertzea lortu da; tentsioak, deformazioak eta egiturek hortz inplanteei transmititzen dieten indarrak ezagutuz. Azkenik, nahiz eta ortodontziako zein aho eta aurpegi-masaileko kirurgian mikroinplanteen erabilera oso hedatua egon, ez da zehatz-mehatz ezagutzen hauen portaera lotura monokortikala edo bikortikala denean. Hiru dimentsiotako elementu finituen modeloak erabiliz, lan honetan; mikroinplanteen materiala (titanioa edo erabilpen medikoa duen altzairu herdoilgaitza), indarraren inklinazio angelua eta lotura motaren arabera, mikroimplante eta inguruko hezurraren portaera ezagutzea lortu da.
Description: