Description:Ezkerra baldin bazara, zeu protagonistatzat zaituen liburua aurkitu duzu. Eta ezkertia ez bazara ulertuko duzu, gehiengoa eskuina den jendartean eragozpen ugarirekin topo egiten dutela ezkerrek: eskolan, sukaldean, ehizan eta arrantzan, guraizeekin, musika tresnekin, ordenagailuaren xaguarekin, argazkiak egitean, erlojuaren orratzak mugitzeko orduan... Garbiñe Ubedaren saiakera labur honen asmoa ez da, ordea, auto-laguntzazko liburu bat eskaintzea, are gutxiago kontu-hartze zerrenda bat osatzea; baizik eta ezkerra izateari buruz jardutea. Helburu apal horrekin arakatu ditu artea, musika, literatura, kirola, logika, matematika, fisika, kimika, genetika, neurologia edo psikiatria gaiak. Mila ezker liburuan ezagutuko dituzu surrealisten adiskide zen Julian Ajuriagerra sendagilearen kezkak eta azterketak. Oroitaraziko dizkizu Leonardo da Vinci eta Beethoven jenioak. Txundituta geratuko zara Goetheren oinekin. Maurice Ravelek konposatutako esku ezkerrarentzako piano kontzertua entzuteko irrika piztuko zaizu. Juan Inazio Retegiren ezker-paretako txapelketak gogoratuko dituzu. Lee eta Yang fisikarien ikerketek harrituko zaituzte, Wolfgang Pauliren ateraldi honek bezalaxe: “Jainkoa ez da ezkerra”.