ebook img

Amerikako Demokrazia I Alexis Tocqueville Hitzaurrea Gaurko nazioek ezingo lukete beren baitan PDF

303 Pages·2002·0.79 MB·Indonesian
by  
Save to my drive
Quick download
Download
Most books are stored in the elastic cloud where traffic is expensive. For this reason, we have a limit on daily download.

Preview Amerikako Demokrazia I Alexis Tocqueville Hitzaurrea Gaurko nazioek ezingo lukete beren baitan

Amerikako Demokrazia I Alexis Tocqueville Hitzaurrea Gaurko nazioek ezingo lukete beren baitan baldintza-berdintasuna eragotzi, baina beraien esku dago berdintasunak morrontzara ala askatasunera eraman ditzan, jakituriara ala barbarotasunera, oparotasunera ala miseriara"1. Hitzaurre honetan ikusi ahal izango dugunez, Alexis de Tocquevilleren pentsamendua hertsiki loturik dago haren bizitzari, bai berari bai familiari gertatutakoari, eta hori dela eta, komenigarri izango da gogora ekartzea, laburki bada ere, garai hartako gertakizun eta datarik nagusienak: 1789: Frantziako Iraultza. 1793: Luis XVI.a gillotinatu zuten. 1794: Malesherbes eta haren sendikoak gillotinatu zituzten. Tocquevilleren gurasoak hamar hilabeteko kartzelaldiaren ondoren aske utzi zituzten, Robespierreren erorialdiari esker. 1804: Napoleon I.aren koroatzea. 1805: Alexis de Tocqueville uztailaren 29an jaio zen, Parisen. jaio. 1814-15: Napoleonen lehen eta bigarren kanporatzea. Borboien itzulera. 1830: Uztaileko iraultza, Karlos X.aren erorialdia, Luis Felipe burges errege. 1831-32: Tocqueville eta Beaumont laguna Amerikan. 1836: De la Démocratie en Amérique, lehen liburua, argitara. 1840: Bigarren liburua argitara. 1848: Otsaileko iraultza, Luis Feliperen erorialdia; Tocqueville Batzar Nazionaleko Konstituzio batzordekide izendatu zuten. 1849: Ekainetik urrira Tocqueville kanpo-arazoetako ministro izan zen. 1851: Napoleonen estatu-kolpea. Tocquevilleren ibilbide politikoaren amaiera. 1859: Tocquevilleren heriotza, Cannesen, apirilaren 4an2. 1. Badirudi mende eta milurteko honen amaieran osoki murgildurik gaudela aldaketaren zurrunbiloan. Badirudi, baita ere, gure zibilizazioak, gure garaiak, gizakiari ezinbestekoa zaion aldakortasuna eta aldaketa bera bihurtu dituela gizartearen eta kulturaren ardatz eta gune. Honelako garaietan klasikoetara itzultzea inoiz baino beharrezkoago gertatzen da. Bai, merezi du Klasikoak berriro hartzea; baina ez, atzera itzultzea litekeen gauza balitz bezala, baizik eta aldaketaren zurrunbiloak sortzen duen iluntasun eta egonezinaren aurrean argi izpiren bat aurkitzeko eta heldulekuren bat izateko esperantzan. Gaurkoan, "Pentsamenduaren Klasikoak" bildumaren eskutik datorkigun pentsalaria Alexis de Tocqueville da, bai eta hain ezaguna den, edo gutxienez hain entzuna den, De la Démocratie en Amérique haren lana ere euskaraz. Eta arestian aipatu dudan gure egunotako aldaketa-sentipenaren eta klasikoetara itzultzearen loturaz beste, oraingoan euskaraz eskaintzen zaigunak badu gaurko denborekin lotura berezi bat. (?) Alexis de Tocqueville garai nahasi batean jaiotakoa da. Bera jaio baino urte batzuk lehenago gertatu zen 1789ko Iraultza eta erregeri burua moztea; bizitzan zehar bi iraultza eta aldaketa politiko ugari ezagutu zituen, eta horrekin guztiarekin batera gizartean bideratu eta burututako aldaketa sozial ugari: ez Frantziarentzat bakarrik baizik eta Europa osorako sakonak izan ziren aldaketak. Eta aldaketa horiei eman beharreko erantzunak, aldaketa horien aurrean hartu beharreko jarrerak izango dira Tocquevilleren pentsamenduaren gai nagusiak. Gaurko denborei dagokienez, hainbat pentsalarik modernitatearen krisia aipatzen dute; eta modernitatea bultzatu eta eragin duten faktoreak aztertu dituzte, baina baita bilakaerak berak eragin dituen ondorio txarrak ere, eta deskribatu eta gaitzetsi dituzte, besteak beste, balioak galtzea, komunitate-zentzu falta, orientazio-gabezia, gizabanakoek euren identitatea osatzeko dituzten zailtasunak, e. a. Adibidez: "Gizarte modernoak eragindako zentzu-munduen anizteak (?) ekarri du oso zail izatea nolabaiteko ziurtasuna lortzea , eta ez bakarrik maila erlijioso eta moralean baizik eta baita gizabanakoaren identitateari berari dagokionez ere"3. Tocquevilleri gagozkiolarik, azpimarragarria iruditzen zait gaurko egoeraren aurrean antzeman daitekeen zalantzazko jarrera, elementu positiboen ondoan ondorio negatiboak ikustea, atzera bidea ezinezkoa dela onartzea, eta une berean garai batekoak bailiran ikusitako zenbait egoera galdu izanaren arrangura: azpimarragarria eta esanguratsua Tocquevilleren beraren jarrera eta egoera deskribatzen direla dirudielako. Jar dezagun beste adibide bat: "Bergerrek eta Bellek gizarte aurreratuak kritikatzen dituzte, eta horretarako aurrez aurre jarri eta konparatzen dituzte gizarte aurreratu horien balioak, esperientzia eta pentsamendua, batetik, eta aldaketa ekonomiko eta teknologikoek hutsal bihurtu duten mundu premodernoan ustez nagusi zirenak, bestetik. . Plantea daitekeen arazoa, ez bakarrik Bergerri eta Belli, baizik eta soziologo klasiko guztiei, honako hau da: bi garaiak konparatu eta ateratzen dute gizarte modernoetan ematen den desintegrazioa eta aniztasuna: baina, gizarte premodernoa kontatzen diguten bezain integratua zen? Bergerren eta Bellen lanek --klasikoek bezalaxe-- ez al dute oinarrian ikuspegi idealizatuegi industriaurreko mundua ikuspegi gehiegi idealizatu bat, eta horrekin batera murgilduta gauzkan aldaketa bizkorren beldur den historiaren ikuspegi bat? (Era guztietara esan beharra dago hala izanda ere Berger eta Bellek burutzen duten gizarte gaitzen diagnostikoa zuzena dela)4. Aipamen horretan Berger eta Bell izenak kendu, eta Tocqueville jarriko bagenu, zentzu guztia gordeko luke, eta baliozko izaten jarraituko luke aipamenak. Hitzaurre honetan zehar ikusi ahal izango dugunez, Tocquevillerekin gauza bera gertatzen da. Demokraziaren aitzindari eta babesle gisa da Tocqueville ezaguna. Baina bere bizitza eta bere lanak zehaztasunez aztertzen badira, bere garaiko aldaketen, iraultzen, bilakaeren aurreko bere jarrera alde bakarrekoa ez dela argi ikusten da, konplexua eta matizatua baizik, alde on eta ezinbestekoak ikusteko gai dena, eta baita arriskuak ere garbi ikusten dituena. De la Démocratie en Amérique, Tocquevilleren hain sona handiko lana euskarara itzulita egokiera ezin hobean datorkigu, gure nahasmenduen artean argi egiteko lagungarri gerta baitakiguke. Tocquevilleren pentsamendua, beraz, bere garaiko gertakizunekin, bere familiaren esperientziekin eta bere bizitzakoekin hain hertsiki loturik dagoenez gero, jo dezagun bere jatorria, labur bada ere, aztertzera, zeren oinordeko den jakin ahal izateko, eta zer bizi izan zuen ezagutzeko. 2. Alexis de Tocquevilleren jatorria eta giroa Hitzaurrean hasieran aipatu denez, gure autorea 1805. urteko uztailaren 29an jaio zen. Bere jatorria Normandiako familia noble batekoa da. Jatorriz bere familia izena Clérel da, Tocqueville izena eta jabegoa 1661ean bereganatu zutelarik. Nobleziako jatorri hori nekazari giroko noblezia txiki girokoa da, Pariseko gortetik urrun, eta erregeren botere zentralaren aurkako oposizioan ohitutakoa. Ezagutzen da bere aurreko batek 1574an Rouengo batzarrean esandakoa "Noiz arte hitz zuriek balio behar dute, erregeri esaten diotenak ez dagoela legeetara lotuta, ezta bere gantzu egunean eman zuen zinari, ezta bere menpekoekin dituen hitzarmenen betetzeari?". Tocquevilleren jatorriaz ari garelarik azpimarratzekoa da sinesmenak haren familian izandako garrantzia. Bera amonak seme bakarra izan zuen Hervé (Alexisen aita), eta haren heziketa Lesueur apaizaren esku jarri zuen. Apaiz horren gurasoen etxean aurkituko du Alexisen aitak iraultza garaian babesa. Eta ondoren berriro Tocqueville familiara itzuliko da Lesueur apaiza Hervéren hiru semeen heziketaren ardura bere gain hartzeko. Hiru anaientzat aita bat bezalakoa izan zen. "Bebé" deitzen zioten. Bera izan zen gainera Alexis, familia tradizioan ohikoa zen militar lanbidera bultzatu beharrean, ikasketetarako prestatzeko aholkua eman zuena. Lesueur apaizak gorpuzten du Tocqueville familian sinesmenak izandako jarraipen indarra, ilustrazioak eta iraultzak eragindako hausturarik gabe, eta horregatik ondorengo berreskuratze erromantikorik gabe. Era guztietara, Alexis de Tocquevilleren jatorrizko giroan bereziki azpimarratu eta aztertu behar den pertsonaia Malesherbes izeneko gizon bat da. Ezkontza bidez sartzen da Alexisen aita, andrearen amaren bitartez, Malesherbes familian. Alexisen aita umezurtz izanik, eta Malesherbesek alabak besterik ez izanik, bera suertatzen da gizonezko oinordekoa, eta horrela noblesse d’epée jatorrizkoak direnak noblesse de robe delakoan itsasten dira. Bi bidetatik datorkio garrantzia Alexisen berraitonari bere bilobarentzat: Malesherbesek gorpuzten duen izaera eta pentsaera tradizioagatik batetik, eta bere bizitzako gertakizunengatik bestetik. Eta bi sustrai berdinetik sortzen dira. Malesherbes familia parlamentario tradiziokoa da, parlamentarioak Frantziako epai- ganbara subiranotako, parlamentuetako juristak ziren. Ezagunena Montesquieu, eta Malesherbesek harengandik hurbil ikusten du bere burua. Epai-ganbara horietako parlamentario edo juristek zuten helburu nagusia zera zen, beraien eskubideekin eskubide subiranoa koroaren botere absolutuaren eta bere zerbitzarien borondatekeriaren aurka defendatzea. Epai-ganbara horiek dira, irauten duten bitarteko botere bakarrak, nagusitu den monarkiak noblezia, probintziak, hiriak eta ofizio elkarteak mendean hartu ondoren, hau da: erregeren eta mendekoen artean ez da, epai-ganbara horietaz beste, inolako bitarteko aginterik gelditzen. Epai-ganbara horiek ziren erregeri gogor aurre egiten zioten bakarrak "Tradiziotik jasotako Parlamentuen (epai-ganbaren) eskubide eta askatasunen inguruko borroka hori da, subiranoaren mugarik gabeko boterearen aurkako nazioaren borroka alegia, Malesherbes familiak belaunaldietan zehar ausardiaz eta makurtu gabe borrokatzen duena, Iraultzaren izuan antzinako askatasunaren eta bere, Malesherbes familiaren, desagertzeraino"6. Malesherbesek, beraz, bere familiaren tradizioari jarraiki erregeren botere mugagabearen aurka egingo du, antzinako eskubide eta askatasunak defendatuz, bitarteko botereek (pouvoirs intermédiaires) eskaintzen dituzten garantiak defendatuz, horien erreforma proposatuz beharrezkoa iruditzen zaionean, beti ere askatasunaren alde, eta ez bere posizio sozialaren defentsan. Askatasunarekiko atxikimendu horrek eramango du tronutik kendutako errege defendatzera, zeinen mugagabeko boterea kritikatua zuen lehenago, eta zeini iragarririk zion sarritan tronua galduko zuela beharrezkoak ziren erreformak burutu ezean. Orain, ordea, mugagabeko boterea iraultzak sortutako Batzar Nazional "absolutuan" dago, eta berriz ere askatasuna defendatu beharrean aurkitzen da, tronurik gabeko errege eta bere sendia defendatuz. Arrazoi horrengatik kartzelaratuko dute, beste zortzi senitartekoekin batera. Lau hilabeteren buruan moztuko diote burua. Alexisen gurasoak sei hilabete beranduago utziko dituzte aske, Robespierreren jauziaren ondorioz. Askatasuna defendatzeagatik berdintasunaren zurrunbiloan bizia galdu zuen etxeko patriarkaren irudiak eta adibideak, gurasoen ahotik zuzenean jasotakoak, eragin izugarria dute Alexis de Tocquevilleren jarreran eta pentsamenduan. Azken aipamen bat Malesherbesen eraginari dagokionez: bere askatasunaren aldeko ahaleginetan, erregeren mugagabeko boterearen aurkako ahaleginetan ez da gelditzen mugagabea den boterea mugatuko duten bitarteko botereen defentsan. Urrats bat aurrerago emanez, eta hiritarren partaidetza aktiboa suspertzeko asmoz, tokian tokiko administrazioa eta deszentralizazioa bideratzea guztiz beharrezko iruditzen zaio, absolutismoaren zentralizazioa eta baterakeriaren aurka. Malesherbes beraren eta berak gorpuzten duten tradizioaren eragina ezagutzea ezinbestekoa da Alexis de Tocqueville ulertu ahal izateko. Hainbatek aitaren eragina ere aipatzen dute, Baina semearen askatasunaren aldeko jarrera aitaren kontrako jarrera bezala ulertuz. Jadanik aipatu dugun Otto Vosslerrek bere Tocquevilleri buruzko lan bikainean bestela dela uste du. Bi gutun aipatzen ditu horretarako: 1830eko uztaileko iraultza hasieran aitak semeari idazten dio, lasai eta arretaz jokatzeko aholkatuz, bere lanbidea arriskutan jarri gabe, eta semeak aitari idazten dio, lasai eta arretaz joka dezala, arriskutan ibili gabe. "Bakoitzak bestearen aholkua jarraitzen du. Antza denez, elkar ezagutzen dute, eta elkar ulertzen, eta ez dirudi belaunaldi arazorik dutenik"7. Alexisen aitak bere lanbide politiko guztia errestaurazio garaiko Karlos X.aren zerbitzuan burutu zuen. Errege horren jauziaren ondoren bizitza publikoari uko egiten dio eta ez da Luis-Felipe errege burgesaren zerbitzutan jartzen. Semearengan izandako eragina puntu bakar batera mugatuko dut. 1829. urtean idazkitxo bat argitaratzen du Hervé de Tocquevillek: La Charte Provinciale. Idazkitxo horren helburua zera da: urte hartan Pariseko diputatuen ganbaran hiri eta departamenduetan berezko administrazio bat sortzeko, hiritarren boz-emate orokorra sartuz, proposamen bat eztabaidatzen da. Alexisen aitak proposamenaren alde hartzen du parte bere idazkitxoan, Pariseko Batzar Nazionalerako bozketa eskubide zabaldua eskatzen zuten liberalen aurka, baina baita proposamena demokraziari amore ematea zela uste zuten erregezaleen, eta errege beraren, aurka. Alexisen aitaren jarrera horretan zailtasun handirik gabe agerian ikus daiteke Malesherbesen pouvoirs intermédiaires zirenaren defentsaren distira garbia. Eta Alexisek berak amerikar demokraziari buruzko lanean agerian jartzen duen tokian tokiko arduralaritzaren goraipamena tradizio berdinean kokatzea ezinbesteko gertatzen da. Otto Vosslerrek honela laburtzen du Hervé de Tocquevilleren pentsamendua. Harentzat "... eguzki-erregeren garaietatik jarraipenezko askatasun arrasto bakar bat doa (bere) egunetaraino, izuak (terroreak) eta Napoleonen botereak bakarrik hausten duena, hau da berdintasunak, zeinek 1830.ean berriz askatasuna mehatxatzen eta ahuldu egiten duen7." Alexis de Tocquevillek Lesueur apaizaren gidaritzapean etxean burutzen ditu lehen ikasketak, hizkuntzetara zuzenduak. Aitaren lanbidea zela eta (prefektu departamendu ezberdinetara), Metzen egiten du Lycée garaia. Gero Parisen prestaketa juridikoa, horrela famili tradizioari jarraituz, bai prestaketari, bai lanbideari dagokienez. Bere ikasketa denboran aipamen berezia merezi du Guizotek berarengan izandako eragina. Guizotentzat, bere garaiko historiografian ohikoa zenez, hau da, historia joera orokorrak aurkitzeko asmoz aztertzea, historia aurrerabide garbi bat da, eta aurrerabide horren muina burgesiaren garaipen eta nagusitze bidea da, historian agintzen duten derrigorrezko legeen arabera. Guizoten historia ulermen horrek Tocquevillengan eraginik badu ez da zerbait berria ikasten duelako, esperientziaz eta tradizioz dakien zerbait argi eta garbi formulaturik ikusten duelako baizik. Alexis de Tocquevillek badaki bilakaera historikoan burgesiaren nagusitzea eta horrekin demokraziaren eta berdintasunaren garaipena ezinbestekoak direla. Baina Guizotek burgesiaren garaipena bera den burges baten ikuspuntutik baloratzen du, eta baita berdintasunaren nagusitzea. Tocquevillek aldiz ezinbestekoa onartzen dakien, baina sufritzen duen, aristokrata baten ikuspuntutik. Tocquevillek, bera, bere familiaren tradiziotik jasoko ditu bai askatasunaren defentsarako atxikimendua, baita berdintasunaren ezinbestekotasunaren eta arriskuaren konbentzimendua. 3. Demokrazia Amerikan. Amerikako Demokrazia Labur bada ere, aipatu ditugu Tocquevillek De la Démocratie en Amérique idazterakoan izandako eraginik nagusienak. Erakutsi dugu bere eta beren familiaren esperientziak zuzenean duela zerikusia Tocquevilleren pentsamenduzko jarrerekin. Bere bi esaldi ekar daitezke gogora pentsamenduzko jarrera hori argitzeko. Behin baino gehiagotan aipatzen du, batetik, berdintasunaren indarraren aurrean térreur religieuse, erlijiozko izua sentitzen duela. Bestetik berriz, aitortzen du grina bat bestetik ez duela, giza askatasunaren maitasuna. Askatasunaren defentsa da bere helburua. Badaki, edo sinesten du, ordea, berdintasunaren gorakada eta nagusitzea geldiezinekoa dela. Horregatik esango du buruz demokrata dela, senez berriz aristokrata. Bien arteko harremana izango da bere bizitzako galdera. Zenbateraino berdintasunak, hau da, demokraziak ezabatzen du askatasuna, nola gorde era ziurta daiteke askatasuna berdintasun indarren garaipen bidea onartuz? Honela dio bere lanaren amaiera aldera: "Argitan jarri nahi izan ditut berdintasunak giza independentziarentzat dakartzan arriskuak, uste sendoa baitut arrisku horiek direla handienak, baita etorkizunak ekar litzakeenen artean gutxien espero litezkeenak ere. Baina ez dut uste gaindiezinak direnik"9. Esan gabe doa Tocquevillerentzat demokrazia eta berdintasunaren gailentzea gauza bat eta bera direla. Beharrezkoa da, beraz, bere hain ezaguna den lan horretara interes zuzenarekin hurbiltzea. Eta interes hori zuzena izango da bere bidaiaren arrazoiaren antzeko baldin bada. "Horretarakoxe iruditzen zaio aukera eta beharra etorriak direla uztaileko (1830) iraultzarekin. Bada berrogei urte Frantziak bere iraultza lortzeko erresistentziaren ahaleginak porrot egin du. Bere garaian iraultzak errepublika ekarri zuen, eta errepublikak morrontza: aurrena terrorearen mugagabeko boterearen menpean, gero Napoleonenean. Iraultza berriak, legitimitatea ondoratzen duenak eta herriaren burujabetasuna oihukatzen duenak, berriro errepublika ekarriko duela gauza jakina zaie bi lagunei (Tocqueville eta Beaumont), baina ez beraiei bakarrik. Bilakaera horrek berriro eta ezinbestean morrontza ekarriko du, edo badago hori txuliatzeko itxaropenik, aukerarik, eta zein izan daiteke aukera hori? Mehatxuz datorren gaitzari aurre egin nahi dionak galdera honi ezin diezaioke inon munduan erantzunik hobeto bilatu amerikar batasunean baino, jadanik errepublika bat dena, aurki Frantzia izango den bezala, eta hala eta guztiz ere askatasuna gorde duena. Han ezagut daiteke, beraz, etorkizuna, edo Frantziarena litekeen etorkizun bat, ezinbestean errepublika izatera doana, han ezagut daitezke arriskuak eta baita hala eta guztiz ere askatasuna salbatzeko aukerak, bitartekoak eta esperantzak. Horiek dira, beraz, Amerikara joateko Tocquevilleren erabakirako elkarturik jokatzen duten arrazoiak"10. 1831-1832. urteen bitartean Tocqueville eta haren laguna Beaumont bederatzi hilabetez amerikar batasunean izango dira. Azaleko arrazoia bertako kartzela-sistema aztertzea izango da. Baina funtsezko arestian aipatutakoa da. Amerikar batasuneko eraketa politikoa, funtzionamendua, gizartearen izaera eta abar aztertzerakoan bere familia esperientziak eta Frantziako bilakaera izango ditu gogoan. Kritiko bat baino gehiago izan da Tocquevilleren lan nagusia nahiko zorrotz salatu duena, esanez ez duela orduko amerikar batasunaren egoera zuzen eta egoki berrispilatzen, hainbat gauza alde batera uzten dituela, eta beste hainbaten interpretazioa ez dela zuzena. Kritika horrek badu arrazoirik, neurri batean. Baina Tocquevilleren oinarrizko asmoa ez du ulertzen, ez baitzuen amerikar demokraziaren azterketa bat burutu nahi izan, ezta amerikar demokraziaren iturri historikoak. Bere lanaren izenburua ez da "Amerikar Demokrazia", "Amerikako demokrazia" baizik. Bere galderak ditu gidari eta Frantziako bilakaerak eta egoerak sortarazten dizkion kezkak. Bere esperientziak eta bere familiaren tradizioak erakusten diote askatasunaren eta berdintasunaren artean kontraesan bat dagoela. Eta kontraesan hori amerikar batasunean nola bideratu duten galdetzen du, oharkabe amerikarrentzat biak jatorrizko direla eta biak elkarrekin normaltasun osoz bizi dituztela. Garrantzizkoa da, beraz, "Amerikako demokrazia" behar bezala ulertu ahal izateko, esan nahi duenaren muinaz jabetzeko, aipatu berri dena oso kontutan izatea: amerikar batasunaz hainbat da Frantziari buruzkoa lan hori, eta argibide horretan bakarrik uler daiteke. "Ez du historialari lez idazten, ezta soziologo moduan, arduraz beteriko hezitzaile eta igarle politiko bezala baizik, eta horrela nahi luke, bera eta bere lana, epaitua izatea"11. Amerikar batasuneko gizartea lehendabizikoz topatzerakoan bere barruan sortuko diren sentimenduak berdintasunari dion izua sendetsiko dute. Amerikar gizartean ez du ezer bikainik aurkituko, ez onerako eta ez txarrerako. Amerikarrek ez dute edukaziorik, arte ederretan ez daukate zer erakutsirik; gusturik gabekoak, formaziorik gabekoak direla iruditzen zaio. Eta hori guztia berdintasunaren ondorio da. Hala eta guztiz ere badu Tocquevillek apaltasunik aitortzeko, edozein gizarte mailatan aurki daitekeela norengandik ikasi. Zer da berdintasuna Tocquevillerentzat, eta nola oinarritzen du bere nagusitze indar historikoa? Berdintasunak zer ukatzen duen aipatuz deskriba daiteke ondoenik berdintasuna zer den. Lehenik: gizarte feudaleko diferentziak eta berezitasunak ukatzea, nobleziaren eta hirugarren estatuaren, burgesiaren arteko hurbiltze-prozesua. Bigarrenez: berdintasuna ekonomi mailan, jabegoari eta diru-sarrerei dagokienez; gizarte-mailan, posizioari eta errespetuari dagokienez, politika arloan, aginteari dagokionez, kultura mailan formazioari dagokionez. Hirugarrenez: desberdintasunak bataz besteko aritmetiko orokorra esan nahi du, indarrik gabeko erdibidekotasun unibertsala. Berdintasun hori ez da bere iritzian une historiko batean kasualitatez agertzen den zerbait, gizaldietan zehar ezinbestean, Jainkoak hala nahita, bideratzen eta nagusitzen joan den indar historiko bat baizik. Harrigarria ere gerta daiteke hain askatasun zale den norbaitengan historiaren baitako horrelako determinismo bat onar dezakeela ikustea. Eta Tocquevillek berdintasunaren nagusitze bide historikoa deskribatzen du. Ez du, ordea, jakituria historiko horretatik erakartzen berdintasunaren derrigortasuna. Alderantziz: bere familiaren eta bere bizi esperientziaren baitan moldatutako berdintasunaren aurreko erlijiozko izua historiara proiektatzen du. (Honela dio Alain Tourain-ek: "Aurrerabidearen ideia orokorraren aurkezpena amaitzeko, beharrezkoa da historiaren filosofia aurrerazale honi errebeldia eskaintzen dion norbaiten irudia aipatzea. Ez dut Tocqueville baino interesgarriagorik ezagutzen. Lehen begirada batean badirudielako berarentzat ere historiak zentzu bat duela: ezinbesteko behar bat da, naturala, aristokraziatik demokraziara daramana, ezberdintasunetik eta klaseen eta taldeen arteko hesietatik balditzen berdintasunera, eta hori ez da horrenbeste diferentziarik eza, mugikortasunari hesiak kentzea baizik"12. Tocquevillek badaki atzera biderik ez dagoela, badaki berdintasunaren garaipen bideari ezin zaiola langarik jarri. Ez da hori behin ere bere aholkua izango. Atzera biderik ez dagoenez gero, bere ardura askatasunari ezinbestekoa iruditzen zaion berdintasunaren abiada historikoan nahikoak liratekeen garantiak ziurtatzea izango da. Beraren iritzian arazoa ez da aristokraziak ala demokraziak irabaziko duen, baizik eta demokrazia nagusitzen denean nahiz eta poesia eta handitasuna galdu, ordena eta morala bere izango dituen gizarte bat egongo den ala ez da arazoa, demokraziarekin hutsaldutako eta morrontzarako prest dagoen gizarte bat sortuko den ala independentzia gordetzen jakingo duena. Zein dira, beraz, Tocquevillek amerikar demokrazian aurkitzen dituen ezaugarriak,bere helbururako egokiak direnak, hau da, demokraziak dakarren berdintasuna nagusi izan arren gizarte libre, aske bat ziurtatzen dutenak? Nola liteke aske izan berdintasunean, nola askatasuna demokrazian? Azter dezagun, beraz, eta modu oso laburrean, zein diren amerikar batasunean aurkitu dituen eta bere kezkak lasaitzeko gaitasuna izan dezaketen askatasunaren garantiak. Tokian tokiko autogobernua da lehendabizi aipatu beharrekoa. Horren barruan epaimahai erakundea ere aipatu beharra dago. Erlijioaren funtzioak amerikar gizartean Tocquevilleren arreta berezia merezi izan zuten. Erlijioaren funtzioarekin batera doa hiritarren duintasun morala. Prentsa-askatasuna, tolerantzia eta koalizio-askatasuna, hau da, elkarteak sortu eta elkarteetan partaide izateko askatasuna. Eta azkenik amerikar konstituzioan aurkitzen diren neurriak, sistema errepresentatiboa, bi ganbaren sistema, zeharkako hautaketa eta arrakastatsua den federazio-sistema. Lehendabizi tokian tokiko autogobernua aipa da. Ez da batere harritzekoa Tocquevillek elementu hori hain sutsu azpimarratzea berdintasunean askatasuna bermatzeko garrantzizko neurri bezala, Malesherbesen pouvoir intermédiares zirelakoan defentsaren tradizioan egonik, eta "Charte Provinciale" txostenaren idazlearen seme izanik. "Ingalaterra Berriko township-etan ezagutzen denak honako konbentzimendura darama: askatasun eskubidea eta ordena posible direla nahiz eta herri subiranotasuna egon, berdintasuna, demokrazia eta errepublika. Ez bakarrik nahiz eta horiek egon, baizik eta beraiengatik. Deszentralizazioa eta tokian tokiko autogobernua ikusten ditu berak ustez elkartu ezinezkoak elkartzeko salbaziozko aukera bezala"13. "Eta Tocquevilleren beraren hitzetan jartzeko: "Ingalaterra Berriko biztanlea bere udalerriari atxikitzen zaio, indartsu eta independentea baita; interesatu egiten da, zuzentzen parte hartzen du eta; maitatu egiten du, ezin delako bere zoriaz kexatu; bere gutizia eta etorkizuna jartzen ditu bertan; udal-bizitzako gorabehera guztietan nahasten da; bere irispidean dagoen esparru murritz horretan, gizartea gobernatzen saiatzen da; forma batzuetara ohitzen da, horiek gabe askatasunak iraultzaka jokatzen duelarik, eta berorien izpiritua barneratzen du, gustu hartzen dio ordenari, botere-harmonia ulertzen du eta ideia argi eta praktikoak lortzen ditu bere betebeharren izaeraz, baita bere eskubideen hedaduraz ere"14. Tocquevillek pentsatzen du amerikar batasunak erakusten duela gobernurik gabe bizi daitekeela. Tokian tokiko autogobernuak hiritar bakoitzaren partaidetza ahalbideratzen du, hiri-batzarretan. Demokraziaren eskola horretan ikasten du bakoitzak komun dena norberaren arazo bezala ikusten. Epaimahai erakundean berriz, probetxu polito handia ikusten du eskubidearekiko errespetuan hezten laguntzen duelako, eskubidearen eta eskubidearen garrantziaz jabetzen joateko laguntzen duelako, eztabaida publikoak ahalbideratzen dituelako, eta horren guztiaren bitartez despotismoa ezinezko egiten delako. Erlijioaren garrantziari dagokionez argudio zuzena da: askatasun-jarduera berdintasunean, demokrazian ahalezko da balore moraletan bermatutako hiritarrak dauden heinean, eta horretarako erlijio ezinbestekoa da. Honela dio A. Tourainek "(...) izan ere, Tocqueville berdintasunaren garaipenaz konbentzitutako post-iraultzaile bat baldin bada ere, ez dabil neurri txikiagoan masa (talde) gizarteari eta horren ondorio arriskutsuenari, boterearen pilaketari, aurre egiteko gai den indar baten bila. Eta indar hori ohituretan aurkitzen du, eraketa ekonomiko eta gizartezkoari ezartzen zaion ulermen erlijioso eta moral batean beraz..."15. Prentsa-askatasunari begira norbanakoaren eskubideen eta askatasunaren defentsarako garrantzizkoa iruditzen zaio, aristokrazia-garaiko garantiak ezabatuak izan direnean norbanakoari prentsaren bitartez gizarte guztiari bere arazoak aurkeztea gelditzen zaio. Horretarako da garrantzizkoa prentsa-askatasuna, norbanakoari berdintasunaren ondorioz gertatzen den isolamendua bere eskubidea eta askatasunaren defentsarako bitarteko bezala. Elkarteak sortzeko eta berorietan partaide izateko askatasunak garrantzi izugarria du Tocquevilleren ustetan askatasunaren babesteko. Amerikar batasunean, edozein arazo azaltzen denean berehala arazo horri erantzun bat emateko eta konponbidean jartzeko elkarte bat sortzen dela ikusten du Tocquevillek. Elkarte bizitza bizi horretan arazo publikoak norberaren arazo bihurtzeko gaitasun ikusten du, eztabaida eta partaidetza publikoa pizteko eta bultzatzeko, eta horrela agintea eta boterea mugatzeko. Eta azkenik sistema federala, boterea zatitzea eta mugatzea, botere eta aginte-gune asko sortzea, tokian tokiko erakundeetatik sortzen doazen zirkulu zabalagoak, eta guztien arteko lotura eta elkarren mende egotea: historian ezinbestekoa bilakatuko den berdintasunak ekarriko duen edo ekar lezakeen boterearen pilaketa eta despotismoari aurre egiteko eta askatasuna bermatzeko mekanismo egokiak, beharrezkoak, aproposak. Tocquevillek aurkitu du bilatzen zuena. Berdintasunak sortzen dion izua baretzeko askatasunaren garantiak bizi-bizian ikusten ditu amerikar batasunean. Egia da amerikar gizartearen izaerari dagokionez eta baita amerikar gizartek bere buruari politika mailan emandako erakundeen deskribapenean garrantzizko hainbat elementu baztertzen dituela. Baina De la Démocratie en Amérique liburuan oinarrizkoa Frantziak sortzen dizkion kezka eta ardura da. Eta arazo honi erantzun ahal izateko baliozko zaiona jasotzen du, gainerako guztia alde batera utziz. Bere arazoa berdintasuna ezinbestekotzat onartu arren askatasunari garantiak nola eman da, eta honi erantzuten dio lan guztiak. 4. Hitzaurre honi amaiera emateko zilegi bekit gai orokor batzuen inguruan komentarioren bat edo beste egitea, Tocquevillek bere arazoari erantzuteko amerikar batasunean aurkitzen dituen elementuak ez ditu ulertzen bere izaera konkretuan, bere bilakatzen historikoan, baizik eta maila orokor eta abstraktu batean jarriz. Bere asmoa zer zen ikusita, bere galderak nolakoak ziren ikusita eta zer erantzun bilatzen zuen gogoan izanda, erraz uler daiteke Tocquevillek horrela jokatzea. Amerikar batasunean aurkitzen ditu askatasuna bermatzeko garantiak eskema logiko baten ondorio baliran ulertzen ditu, bakoitzak bere kokapen historikoa duela bazterrean utzirik. Bere helburuaren arrazoiz gertatzen da hori. Bestela Alexis de Tocquevillek duen askatasunaren ulermena guztiz esperientziazkoa da, bizitzari dariona, bilakaera historiko baten emaitza bezala jasotakoa, eta ez abstraktua, teorikoa. Bere jatorrian Malesherbes aipatu dugu. Hark ez zuen askatasunari buruzko tratatu teorikorik idatzi, bere tradizio historikotik ezagutzen zuen askatasuna edozein botere absoluturen kontra. Modu berdinean zaio ezaguna askatasuna Tocquevilleri. Bizitako zerbait da, ez teorian azaldu beharrekoa. Eta bizitako ondasun preziatu hori berdintasunaren erasoen kontra ziurtatzea da bere grina nagusia, eta frantsesei ziurta daitekeela erakustea, amerikar batasunean berdintasunaren eragina guztizkoa izanik, askatasuna bermaturik duten bezala. Bere Pariseko ikasketa garaian Rousseau irakurri zuen, berarengan eragin handirik izan ez zuela dirudien arren16. Era guztietara berdintasunari dion "erlijiozko izua" Rousseauren "borondate orokorrak" izan dezakeen ondorio batekin loturik dago. "Borondate orokor" hori herriaren subiranotasunaren adierazle den bezala izan baitaiteke despotismoaren iturri. Hara zer dion A. Tourainek: "Etenaren eta subjektibitatearen gaiak (Hegelengan) ez darama nagusien eta morroien arteko borroken gaira, baina bitartean osotasunarekiko deia edota Rousseauren borondate orokorraren oinordeko den botere absolutu batean sorreran..."17. Tocquevillek onartzen du aristokraziaren eta burgesiaren arteko ezberdintasunak ezabatuz joango direla. Historiaren erremediorik gabeko joera dela hori uste du. Ez du eskatzen horien aurka ezer egiteko. Bai ordea, askatasuna gordetzen saiatzeko. Eta horretarako boterea zatitzea, banatzea bide egokia irudituko zaio. Frantses éparpiller le pouvoir esaten du, gaztelaniaz espacir el poder esan daiteke, eta euskaraz boterea barreiatu esan genezake18. Rousseauren kezka guztiz alderantzizkoa izango da: gizartearen baitan ematen den ezberdintasuna gainditzeko da beharrezkoa borondate orokorra eta hemendik sortzen den estatua bere botere guztiz. Oso planteamendu ezberdinak dira, bienak, elkarrekiko aurkakotasunean dauden kezketatik sortzen baitira: berdintasunaren ezinbestekotasunean askatasuna gordetzeko arduratik Tocquevilleren kasuan, gizartearen baitako ezberdintasunak gainditzeko beharrezkoa denetik Rousseauren kasuan. Azkenik, Tocquevillek amerikar batasunean aurkitutako askatasuna bermatzeko elementuetan nagusienetakoa, eta bereziki azpimarratzekoa, gobernuaren eta boterearen ulermen berezia da, hau da: gobernua eta boterea on dira ahul diren neurrian. Eta ahuldadeak agintearen banaketa esan nahi du, aginte gune bakar baten ukazioa. Eta horren oinarria udalerri indartsuak dira Tocquevilleren iritzian. Horiek, boterea zatitzeaz eta mugatzeaz gain hiritarren arazo publikoetan esku-hartzea suspertzen dute. Esku-hartze horren faltan hiritarrak administratu huts bihurtzen dira. Honela dio Tocquevillek berak: "Nolanahi ere, udalerriari indarra eta independentzia kentzen badizkiozue, administratuak, bakarrik aurkituko dituzue bertan, baina hiritarrik batere ez"19. Amerikar batasunean Estatuaren eraketa, udalerrietan oinarrituz, federazio modura dago gauzatuta. Horrela federazioaren irizpidea askatasunarentzat ezinbesteko bihurtzen da. Tocquevillek hemeretzigarren mendeko lehen zatian idatzi zuen bere demokraziari buruzko lana. Hara zer dion federalismoari buruz, mende bat baino beranduagoko egoerara aplikatuz, beste autore batek: "Hainbat zehazki mugatutako botere nazioarteko organismo batera eskualdatzea ahalezko egiten duen nazioarteko gobernu modua federazioa da, gainera barne arazo guztian herrialde bakoitzak bere erantzukizuna gordez... Federalismoa, gainera, ez da demokrazia nazioarteko arazoetara aplikatzea baizik, gizakiak asmatu duen elkarrekin bakezko harremanak izateko bitarteko bakarra. Baina botere zehazki mugatuko demokrazia bat da"20. Askatasuna maite duen guztientzat ezinbestekoa da orain euskaraz datorkigun A. de Tocquevilleren lan hau irakurtzea. Balioko ahal du gure artean ere askatasuna, benetako askatasuna osozko pretentsioak dituen mezuekin ez datorrela inola ere bat ulertu eta ikasteko! Joseba ARREGI

Description:
Hitzaurrea. Gaurko nazioek ezingo lukete beren baitan baldintza-berdintasuna eragotzi, baina beraien esku dago berdintasunak morrontzara ala
See more

The list of books you might like

Most books are stored in the elastic cloud where traffic is expensive. For this reason, we have a limit on daily download.